domingo, 16 de enero de 2011

Hemofiliaren historia

Talmud Babilonikoa
Hemofiliari buruzko erreferentzia historiko fidagarri eta zaharrenak judutarren Talmud Babilonikoan agertzen dira, V. mende inguruan. Judutarren artean, mutilei zirkunzisioa egitearen praktika arrunta da, baina garai hartako rabinoak konturatu ziren batzuek gehiegizko odol jarioak izaten zituztela eta gainera horiek nahiko larriak izan ohi zirela.
Horretaz gain, baita ere ohartu ziren fenomeno horiek familia berdinaren barnean ematen zirela.
Egoera larri horien aurrean, nahiz eta zirkunzisioa judutarren artean praktika erlijioso bat izan, lege sakratuak zertxobait moldatzea erabaki zen. Adibidez, Judah izeneko rabinoak gomendatu zuen mutil bati ez ziotela zirkunzisiorik egingo, aurretik bere bi anaia zaharragoak praktika horren ostean hil baziren.
Honek argi uzten du, garai hartan ere nolabaiteko herentzia bat jarraitzen zuen gaixotasuna izango zenaren susmoa bazutela, nahiz eta genetikaren inguruan ezer ere ez jakin.
Bestalde, XII. mendean, Maimonidesek hemofilia nahiko modu adierazgarrian aipatzen du “… hirugarren semea ez da zirkunzidatua izango, bere sendotasuna erakusten duen arte urte batzuen buruan. Eta berdin dio haur hau senar berdina edo beste batena izateak…”. Ikusten denez, emakumea da gaixotasunaren eramailea eta bere semeei transmititzen diena; hala ere, Maimonidesek akats bat ere izan zuen, izan ere, adinarekin sendatuko zen gaixotasun bat zela pentsatzen baitzuen.
1488 eta 1575 artean, Joseph Karo rabinoak guztiz debekatu zuen zirkunzisioa arazo hemorragikoen aurrekariak zituzten familiatan.

Europan, hemofilia, lehenengo aldiz Alejandro Benedicto-k aipatu zuen, Italian, 1525. urtean.
Mendeetan zehar hemofiliari buruko erreferentziak askotan agertu izan dira, izen desberdinekin, baina bereziki XVIII. mendean gaitzari buruzko deskribapen ugari egon ziren (deskribapenak bakarrik).

Beranduago, 1803. urtean, John Conrad Otto-k gaitzari buruzko lehen deskribapen mediko modernoa egin zuen, hemofilia sexuari loturiko gaixotasun bezala sailkatuz. Bere informe medikoa New York-eko “The Medical Repository” aldizkarian agertu zen, hemofilia kasu argi bat deskribatuz: “Zauri txiki baten ondorioz odol jarioak dituen familia bateko lau seme. Emakumeen artean inork ez du pairatzen, baina bai transmititzen dutela”.
Ezagutza berri hauek, William Hunter-en odolaren gatzapenaren inguruko aurkikuntzak eta 1890. urtean König-ek hemofiliadun gaixoetan deskribatu zituen belaunetako arazoekin batera (ordurarte ez zen pentsatzen kalte horiek hemofiliaren sintomak izan zitezkeenik, eta artritis edo tuberkulosiarekin nahasten ziren) hemofiliaren historian aurrerapauso garrantzitsua suposatu zuen.

XIX. mendean zehar hemofiliaren inguruko monografia ugari egin ziren, gaixotasunaren zergatiak aztertzeko.

Azkenik, Patek eta Taylor zientzilariek, hemofiliaren gaitzaren kontzeptu klinikoak modu egokian deskribatu zituzten 1937. urtean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario